Urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Munduko Eguna dela eta, Arraztalo Elkarteak buru osasuna eta honen arazoak gertutik ezagutzen dituzten pertsonentzat hiru hitzaldiz osatutako zikloa antolatu du. Guztiak Oiartzungo Udaletxeko Pleno Aretoan egingo dira, arratsaldeko 18:00etan, eta herritar zein senide guztiei irekiak izango dira.
Zikloaren helburu nagusia buru osasunaren inguruan dauden kezkak, zalantzak eta erronkak bistaratzea izango da. Horretarako, hiru saio antolatu dira:
Urriak 8: Buru osasuna Oiartzunen: zein da zure iritzia?
Lehenengo saio honetan Arraztalo Elkartearen 16 urteko ibilbidea eta gaur egungo ikuspegia ezagutzera emango dira. Horrez gain, hiru Oiartzuarrek beraien esperientzia kontatuko dute. Saioaren bigarren zatian parte hartzaileek beraien bizipenak partekatzeko aukera izango dute.
Urriak 22: Buru Osasuna Familian: nola kudeatu egoera gaixo daudenean
Buru osasunaren inguruko oinarrizko kontzeptuak eta errekuperazio-bideak landuko dira. Estigma mota ezberdinei (soziala, familiarra eta autoestigma) aurre egiteko gakoak aztertuko dira. Agifes elkarteak gidatutako saio praktikoa izango da.
Bereziki nabarmendu diren gaiak edo norberak ekarritakoak hurrengo saioan lantzeko aukera egongo da.
Azaroak 5: Herritarren ahotsa Buru Osasunaren inguruan: Zuen galderak, denon erantzunak
Azken hau senideei eta herritarrei irekitako saio parte-hartzailea izango da. Agifesek gidatuta, parte-hartzaileen zalantzak, kezkak eta aurreko bi saioetan nabarmendutako gaiak jorratuko dira.
Arraztalo Elkarteak herritar guztiak gonbidatzen ditu hiru saio hauetan parte hartzera, bereziki osasun mentaleko arazoak gertutik bizi dituztenak. Helburua guztion artean estigmarik gabeko espazio bat sortzea da, buru osasunaz modu irekian hitz egiteko, esperientziak elkarbanatzeko eta bide berriak eraikitzeko.
